OSPAKIZUNAK ETA JAIAK | Andra Mari eta San Roke egunak

Andra Mari jaiak ospatzen dira Zerainen. Abuztuaren 15ean da Zeraingo elizako zaindari den Jasokundeko Andra Mariren eguna. Festak, ordea, aurreko egunean hasten dira eta hiru-lau egunez irauten dute. Abuztuaren 16an, San Roke egunarekin amaitzen dira.

Abuztuaren 13an, Ohiko gibel jatea egin ohi da Liztormendi elkartean. Garai batean, herriko festetarako haragi hona izateko, festa bezperetan hiltzen zen txekorra. Honen gibela lehen bai lehen jan beharrekoa zenez, festa bezperetan jan ohi zen. Hortik datorren ohitura honek oraindik bizirik jarraitzen du gaur egun.

Egun handi hauei hasiera ematen dien ekintza nagusiak abuztuaren 14an egiten diren sagardo-dastaketa eta txekor jana dira. Andra Mari eguna, berriz, hilaren 15ean, Udalbatzaren prozesioa eta txakolin-dastaketarekin hasten da: Udal ordezkariak, alkateak  "alkate zihorra" eskuan duela, Udaletik Jasokundeko Andra Mariren elizarainoko bidea egiten dute "alkate soinuaz" lagundurik. Arratsaldean berriz, 40 urtetik gorakoen Euskal Herriko dantza txapelketa izaten da. Ondoren gazteek triki poteoa eta afaria egiten dituzte.

Festetako azken egunean bi ekintza dira aipagarrienak: Herriko agindarien dantza-soka eta herri afaria. Herri afarian, 300 pertsona inguru elkartzen dira Zeraingo plazan bertsolariak eta musikariak lagun dituztela. Abuztuaren 17an azkenik, San Roke Txiki egunean, festak amaituta egon arren, zenbait herritar elkartzen dira herria garbitu eta txukuntzera.

ZERAIN ERAIKI








Zeraingo Udala 2010 © | 20214 Zerain | Telefonoa: 943801724 | Faxa: 943801869 | E-maila: zerain@udal.gipuzkoa.net
Garapena: BIT&MINA eta Kultur Atelier