PAISAIA KULTURALA | Gaztagintza

Nekazaritzarekin batera, artzaintza ere Zeraingo bizibiderik garrantzitsuenetakoa izan da. Zeraingo artzainek Idiazabal gazta egin izan dute eta oraindik ere badira hainbat artzain Zerainen. Turismo Bulegoak hauetariko bi bisitatzeko aukera ematen du.

Basazabalgo Jabier Muñoa artzainak bere etxeko ateak zabaltzen dizkio Idiazabal gazta nola egiten den ezagutu nahi duen orori.

Aitona Patxi eta Julian aitaren erakutsiak gaur egungo jakintza berriekin osatuz, goi mailako gazta egiten dute Basazabalen. Etxe inguruko larreetan eta Aizkorri magaleko Oamendiko herri lurretan bazkatzen dute Basazabalgo ardiek.

Jon Usurbilgo artzain gazte bat da, hiriko bizitzatik ihesi artzaintza ikasketak egin eta Zeraina bizitzera etorri dena. Jonen ardiek Zeraingo zelaietan bazkatzen dute neguan; uda pasa, aldiz, Aralargo zelaietara abiatzen dira.

Batak zein besteak, etxera datozen bisitariei, ukuiluko lanak, ardiak jetzi, gazta … nola egiten diren erakutsiko dizkigute; Horrez gain, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenezko gazta onenak lortzeko sekretuak ere argituko dizkigute.

Honez gain, ezagutu ahalko dira larre, arditegi eta jezteko sistema, kuba, gatzagia, molde eta prentsa, kamara eta abarrak.

Euskal Herriko artzainak nola lan egiten duten zuzen-zuzenean ikusteko eta beren lanaren emaitza den gazta paregabea dastatzeko aukera ezin hobea da Zeraingo gaztandegi hauetarako bisita.

ERRESERBAK burutzeko klikatu HEMEN

Oharra: Taldekako (gutxienez 15 pertsona) bisitariak soilik onartzen dira eta aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa da. Bisitak urtarriletik ekainera bitartean soilik antolatzen dira.


ZERAIN ERAIKI








Zeraingo Udala 2010 © | 20214 Zerain | Telefonoa: 943801724 | Faxa: 943801869 | E-maila: zerain@udal.gipuzkoa.net
Garapena: BIT&MINA eta Kultur Atelier