PAISAIA KULTURALA | Burdinaren bidea

Burdinaren erauzketatik hasi, ondorengo lanarekin, eskuz zein modu industrialean jarraitu, eta burdinaren erabilera arkitektonikoarekin amaituz, Euskal Herriko historia eta oraina ulertzeko ezinbesteko erreferentzia den burdingintzaren ildoa jarrai daiteke ibilbide honetan; Zeraingo, Legazpiko, Ormaiztegiko eta Beasaingo paisaiaren osagarri bilakatu da burdinaren bidea.

Zerainen hasten da ibilbidea: XII. mendetik XIX. mendera bitarte inguruko burdinolak meaz hornitzen zituzten Aizpeako Meategietan. Burdinaren ustiapenaren garapen osoa ezagutzeko gune egokia da; Erdi Aroko aztarnak modernoagoekin nahastuta ikus baitaitezke: galeriak, mina-zuloak, bolborategiak, trenbidea, biltegiak, ikaztegiak, kaltzinazio labeak, eta teleferiko eta tunelen bidez Ormaiztegira iristen zen mea eta harrikatza garraiatzeko katea ere bai.

Ibilbidearen hurrengo geldiunea Legazpiko Mirandaolako Parkeko burdinola da. Gutxienez XV.etik XIX. mendera arte lan egin zuen burdinola hau guztiz eraberritua dago: ubidea, aldaperoa, ur gurpila, hauspoa, ingudea... Gaur egun ere nola lan egiten zuten ikus daiteke eta parkean bertan dagoen diaporaman, Legazpiko haraneko burdinaren bilakabidea erakusten da. Honez gain, Lenbur Fundazioak aukera turistiko zabala eskaintzen digu.

Legazpitik Ormaiztegira joango gara: 289 metro luzeko trenzubi eraikin monumentala, 18.000 tona burdin biltzen dituena, burdinak ematen dituen joko ezberdinen erakusgarri da. Eiffelen aurreko Alexander Lavalley ingeniariak egindako benetako maisu lana da, indarren kalkuluari eta burdinaren erabilerari dagokionez. Herriko seme zuten Tomas Zumalakarregi jeneral karlistari eskainitako museoak XIX. mendean izandako aldaketak ulertzen laguntzen digu.

ZERAIN ERAIKI








Zeraingo Udala 2010 © | 20214 Zerain | Telefonoa: 943801724 | Faxa: 943801869 | E-maila: zerain@udal.gipuzkoa.net
Garapena: BIT&MINA eta Kultur Atelier